top of page

Atarrabiako Totem aretoak ehundaka pertsona bildu ditu eskaini duen 3 talde euskaldunen kontzertuan

Actualizado: 16 dic 2019

Kontzertu berezia eskaini zuten Azaroaren 1ean Atarrabian bildu ziren Brigade Loco, Rotten XIII eta Des-Kontrol euskal musika taldeek

Brigade Loko taldea eszenatokian. Iturria: IparAhotsa


Pasa den asteburuan, azaroak 1ean hain zuzen ere, Brigade Loco-k, Rotten XIII-k eta Des-kontol-ek kontzertuak eskaini zituzten Atarrabiako Totem aretoan, haien aurtengo birari azken txanpa emanez. Asteburuak jasaten ari zuen eguraldia nahiko kaskarra izan arren, Totem aretoa gainezka zegoen eta giroa ezin hobea zen, bada, kontzertuetako sarrerek hilabete batzuk zeramatzaten agortuta. Bestalde, soinuaren kalitatea aparta izateaz gain, kontzertuek eskaini zuten ikuskizuna ere bikaina izan zen.


Brigade Loco talde gipuzkoarrari egokitzen zitzaion gauari hasiera ematea. Nahiz eta kontzertuen hasiera arratsaldeko 8etarako iragarrita zegoen, 9ak aldera hasi zen kontzertua. Euskal Herriko bazter guztietatik zetorren jendea kontzertuak ikustera eta eguraldi kaskarraren ondorioz ekitaldira zetozen autobus batzuk atzeratu egin ziren, kontzertuaren hasiera berandutuz. Kontzertua txalaparta eta adar soinuaz hasi zen, Brigade Loco-ri sarrera eginez eta nola ez, ez zuten kale egin eta sekulako kontzertua eskaini zuten. Kontzertuak bi kolaborazio berezi izan zituen; alde batetik, “Rotten XIII” taldearen Endika Iriso abeslaria, Elkarrengatik abestia kantatzeko eta bestetik, “Never Surrender”-eko kideak.


Bigarren kontzertua, Tafalla eta Larragako Rotten XIII taldeak eskaini zuen. Talde nafartarrak hainbeste bereizten dituen punk-rock eta Oi! generoko kontzertu ederra eskaini zuen eta nola ez kritika sozial zein politikoa eginez, bai bere abestien hitzekin zein jantzita zeramaten arroparekin; Endika Iriso abeslariak zeraman Altsasuko gazteen aldeko kamiseta esaterako. Taldearen zale askorentzat momentu berezia zen, izan ere nahiko zaila izan da aurten Rotten XIII-ren kontzertu bat ikustea, pasaden urtarrilaren 17 jazotako ezbeharraren ondorioz oso kontzertu gutxi eskaini baititu. Beste behin, Brigade Loco-ren antzera Rotten XIII-k ez zuen hutsik egin eta kontzertu ezin hobea eskaini zuen bertara hurbildu zirenak gozaraziz.


Bukatzeko, Arrasateko Des-kontol taldeak jo zuen azken kontzertua. Rotten XIII-k eta Brigade Loco-k ez bezala, Des-kontrolek jende nagusiagoa hurbildu zuen kontzertura, izan ere Rotten XIII-k eta Brigade Loco-k 2 urte eskas dituzten taldeak dira, Des-Kontrolen dituen 23 urteen aurrean. Hala ere, ez zen festarako gogorik falta izan eta izugarrizko kontzertua eskaini zuten. Des-Kontrolen zaleentzat aukera paregabea izan zen gauaz disfrutatzeko izan ere oso aukera gutxi dago Arrasateko Taldearen kontzerturen bat ikusi ahal izateko.


Laburbilduz, azaroak 1eko gaua denbora luzean gogoratzeko gau bat izango da; ez baitago momentu honetan milaka euskaldunen erreferenteak diren 3 talde hauek elkarrekin ikusteko aukera askorik. Bizitakoa bizita, 3 talde hauen berrien zain egongo dira Totem aretora hurbildu ziren gehienak bizitakoa errepikatzeko irrikan.





Comments


bottom of page